Korrika egiteak nire gorputzaren gaineko kontrol sentsazioa ematen dit, hainbeste exijitzeko gauza izatea eta askatasun sentsazioa ere bai
Janire Fernández de Olano 23 urteko atleta gasteiztarra da. Zortzi urte zuenetik egiten du kirola. Ia-ia ingeniaritza mekanikoan lizentziatua da, egun bere ikasketak amaitzen ari da Valladoliden eta han entrenatzen du astean 6 egunetan Uriel Reguerorekin eta Track is Back bere atleta taldearekin. Gainera, Iruneko Super Amara Bat klubaren kide ere bada. Hori baino lehen Martin Fizekin egin zuen prestakuntza eta berarengandik asko ikasi duela dio, “batez ere, maila psikologikoan”.
Hasi zenean, oso gogoko zuen klase ostean entrenatzera joatea. Exijentzia fisiko nahiko altua duen kirola dela adierazi du eta kudeatzen ikasi behar den zama psikologikoa dakarrela. Hartu duen erabakia argi du eta hasi zeneko ilusio bera duela dio.
Korrikalari gazte hau krosa praktikatzen hasi zen, baina 2016an pistako probetan espezializatzea erabaki zuen, erronka berriei aurre egiteko: 1.500 m, 3.000 m eta 5.000 m. Gaur egun, pistan 10.000 m-ko lasterketak egiteko prestatzen ari da.
Osasun arazoak direla eta denboraldi zaila igaro ostean, berriro itzuli da lehiaketetara, barruan daraman guztia erakusteko oso gogotsu.
Gogoan duzu atletismoaz interesatu zinen lehenengo aldia? Norbaitek eman al zizun informazioa?
Txikitan kirolen bat probatu nuen ikastetxean, baina batek ere ez ninduen harrapatu. Eta egia esan, amari, txikitan, itzel gustatzen zitzaion korrika egitea. Horretaz hitz egiten zidan noizbehinka eta nire interesa piztu zuen. Amak oso gogoko du, txikitan, herrian, edonora joan behar bazuen ere, beti korrika.
Konta iezaguzu nola erabakitzen duen 8 urteko neskato batek atletismoa egitea.
Pasadizo baten ondorioz erabaki nuen eta atletismoa egiteko izena eman nahi nuela esan nion amari. Txikitan, Galiziara joaten ginen oporretan uda batzuetan. Egun batean lasai nengoen nire ogitartekoa askaltzen eta 3 ehiza-txakur etorri zitzaizkidan atzetik segika. Burutik pasa zitzaidan bakarra korrika egitea izan zen, inoiz ez dut egin korrika horrela nire bizitzan eta egingo ere ez, ziur aski (barreak). Orduan, atletismoa egitera bidal nintzala esan zion izekok amari.
Hain txikitatik nabaritu zenuen korrika egitea zure irrika bilakatuko zela?
Egia esan, bai. Izan ere, inoiz ez bainuen betebehartzat jo. Amak beti irakatsi eta erakutsi zigun kirola neba-arreboi, baina inoiz ez gaitu kirol zehatz bat egitera behartu. Entrenatzeko ordua iristen zenean, eta nik oso gogoko nuen klase ostean joatea. Parkean entrenatzen hasi nintzen Timoteo Quintanarekin. Ez ginen asko. Baina, inspirazio-iturri ziren taldekide nagusiago batzuk zeuden eta gero atleta oso onak izan dira. Oroitzapen on horiek izateak eta amak inoiz behartu ez izanak ere lagundu dute horrela bizi dezadan.
Zer gomendatuko zenioke neskato bati, atleta izan dadin? Zer egin behar du hasteko?
Nire iritziz, txikiak garenean, lehenengo eta behin praktikatzeko ditugun aukera guztiak aztertzea da eta ahalik eta gehien probatu behar da. Zure adineko jendea duen talde bat aurkitzea ere garrantzitsua da. Txikia zarenean, batez ere ondo pasatzera joaten zarelako.
Urte batzuk igaro dira eta, egun duzun eskarmentuaz, une hartan zure atleta-garapenean laguntza izan zenuela uste duzu? Ez diot familiarena edo lagunena, erakundeena eta gizartearen baizik.
Ez. Nire ustez, orain ikusgaitasun handiagoa dago. Baina, beti pentsatu izan dut emakumezkoen edozein kirol gutxietsita zegoela gizonezkoenaren aldean. Izan ere, kirol honetan, figura ikonikoenak gizonak izaten dira. Urteek aurrera egin ahala, gehixeago nabaritzen duzu. Beharbada, egia esan, orain aurrerapauso gehiago ematen ari dira, baina, hala ere, gutxiespena dago emakumezkoen kirolari dagokionez.
Atleta ibilbidea burutzeko, beti hitz egiten duzu antolaketaz, diziplinaz, lanaz eta sakrifizioaz. Argi dago korrika egitea gogoko duzula eta merezi dizula. Baina, zein da zure bizitza korrika egiteari ematearen prezioa?
Argi dago atletismoa kirol gogorra dela eta sakrifizio handia eskatzen duela. Azken finean, balantzan jarri behar da: gauza asko kentzen dizu, baina beste asko ematen dizkizu. Esate baterako, asteburua dator, zure lagun guztiak doaz jaialdi batera, eta zuk ezin duzu. Lehiaketa duzulako edo entrenamendua duzulako (Janirek ia egunero entrenatzen du). Mota horretako betebeharrak dituzu, bere denbora zu entrenatzen eta planifikatzen ematen ari den jendea dagoelako eta ezin diezu huts egin, zuregatik eta zure inguruan dagoen jendearengatik ere bai. Mota horretako gauzei ezetz esan behar diezu eta ea zuri merezi dizun galdetu zeure buruari. Nire kasuan, erantzuna baietz da. Niri beti merezi dit eta horrela izaten jarraituko duela uste dut. Hori da hartu dudan erabakia.
Egia esan, une batzuetan gorputzak esaten dizu aski dela. Orduan, nire entrenatzailearekin hausnarketa egiten saiatzen naiz, zama arintzen edo atseden hartzen. Kontu fisiko bat ez bada, adore kontua bada, dena betetzen saiatzen naiz. Bere denbora nirekin ematen duen jende gehiago dago eta horren aurrean errespetu handia dut.
Maila fisikoari dagokionez, zure gorputzak nabaritzen ditu entrenamendu eta lehiaketetako estres ordu horiek? Eta maila psikologikoan?
Bai, noski. Exijentzia fisiko nahiko altua da eta. Lesionatzeko arriskua dugu eta badugu kudeatzen ikasi behar dugu zama psikologikoa ere. Eta hori guztia zaila da. Baina, batez ere indartu egiten zaitu, hainbat kontu beste era batera ikusarazten dizkizu. Baina, une batetik aurrera gogortu egin behar duzu. Txikia zarenean ez duzu era berean ikusten, baizik eta aisialdiko jarduera da, jolas bat. Baina gero, denborak aurrera egin ahala, lan egin behar duzu, ikasi egin behar duzu, entrenatu, eta hori guztia kudeatzen ikasi behar da.
Nola kontrolatzen da burua lasterketetan? Nola egiten duzu kontzentratzeko, zeure buruari begiratzeko eta ez gainerako lehiakideak zer egiten ari diren?
Arlo psikologikoak pisu oso handia du banakako kiroletan. Izan ere, oso gutxitan egiten dugu korrika sentsazio ezin hobea izanda. Ohikoena da molestiak izatea eta beste zenbait eragile. Horrekin jokatu behar duzu eta zeure burua konbentzitu hori hortxe dagoela, baina denentzat dagoela hor. Eta beti gehixeago eman dezakezula pentsatu behar duzu.
Zure iritziz, korrika egitea gehiago da buru kontua zangoena baino. Zer egiten duzu korrika egitera ateratzeko gogorik ez duzun egunetan? Etxean geratzeko aukera ematen al diozu noizbait zeure buruari? Edo korrika egitera behartzen duzu?
Kontu guztietan bezala, une batzuetan buruak ez du laguntzen, noski, eta ez dago gogorik. Baina, beti saiatzen nahiz ezarri dizkidaten entrenamenduak betetzen. Hala ere, une batzuetan gorputzak aski dela esaten dizu. Orduan, nire entrenatzailearekin hausnarketa egiten saiatzen naiz, zama arintzen edo atseden hartzen. Kontu fisiko bat ez bada, adore kontua bada, dena betetzen saiatzen naiz. Bere denbora nirekin ematen duen jende gehiago dago eta horren aurrean errespetu handia dut.
Ez zara ateratzen korrika egitera zuk nahi duzun moduan, eguneroko lana ezartzen dizun entrenatzaileak agintzen duen moduan baizik, ezta?
Bai, noski. Entrenamendu nire taldean, atleta bakoitzak era batera erantzuten du eta denok dugu planifikazio pertsonalizatua. Eta gure entrenatzaileak finkatzen digu, korrika egitea baino askoz gehiago delako, lan psikologikoa da, teknikarena eta indarra. Eta bakoitzak bere erara erantzuten du. Hortaz, banakako planifikazioa dugu eta horri jarraitu behar diogu, gorputzak erantzun ahala eta txapelketetara eta helburuetara egokitzen dugu.
Eta zein lasterketatan hartuko duzun parte aukeratzeko orduan? Zeuk aukeratzen duzu ala entrenatzaileak? Edo zure klubak?
Bada jendeak ulertzen ez duen zerbait, beste kirol batzuetan ez delako horrela. Atletismoan, klub baterako lehiatzen dugu, baina ez da derrigorrezkoa beraiekin entrenatzea.
Txapelketa batzuetan parte hartu behar duzula esaten dizu klubak, hau da, kluben ligetan. Ligako zenbait topaketa daude eta klubeko atleta batek edo bik lehiatu behar dute, puntuatzeko eta taldeak klasifikatzeko. Gainerako lehiaketak zure entrenatzaileak ezartzen ditu, zein lasterketetan parte har dezazun komeni den kontuan hartuta.
Gogoko duzu kirol horrek duen lehiaketa alderdia? Zer da lehiaketa zuretzat?
Nik gogoko dut. Egia esan, erronka bat da. Batez ere, denboraldi bat lehiatu gabe eman duzunean. Lehiatzean izan behar den lasaitasun hori, pixka bat galdu egiten da eta berriro irabazi behar da.
Gogoratzen dituzu txikitan parte hartutako lehenengo txapelketak. Nola bizi zenituen? Oso urduri zeunden?
Bai, oso ondo gogoratzen ditut. Lehenengoa Gasteizen izan zen, kros batean, Gamarran. Oso-oso urduri nengoen, baina zoriontsu aldi berean. Izan ere, irteera eman zuten eta hain urduri nengoenez, konturatu ere ez nintzen egin eta azkena irten nintzen.
Zer gertatzen da marka bat hobetzen duzunean, baian hurrengo lasterketetan berriro atzera egiten duzunean? Nola gainditzen da hori? Nola motibatzen zara jarraitzeko?
Gu zenbaki artean bizi gara. Nire aldetik, beti lehiatu naizenez distantzia luzetan, beti izan dut hobekuntza marjina handia, beraz, ez naiz hainbeste bizi izan eragile horren edo zama horren mende.
Baina, gogorra da presio hori kudeatzea, lanean ari zarelako eta itxura batean ez duzu emaitzarik lortzen. Nire iritziz hori da eramateko zailena egiten den alderdietako bat.
Nortzuk dira zure erreferenteak atletismo arloan?
Batez ere, Martín Fiz, nire entrenatzailea izan zena. Asko irakatsi dit, batez ere maila psikologikoan. Eta Isabel Matías ere bai, borrokalari hutsa iruditzen zait. Atleta nahiz pertsona mailan dut erreferente. Garai txarra igarotzen ari da kirol-mailan, baina borrokatzen ikusi dut eta lesionatuta denboraldi luzea eman ostean berriro ere lanera itzultzen. Erreferente izugarria da edozein emakume zein gizonentzat.
Eta atletismotik kanpo?
Nire ahizpa. Pertsona oso-oso langilea da eta eraginkorra, eta nik berarengandik ikasi dut hori.
Zer beste kirol gustatuko litzaizuke egitea?
Hain txikitatik hasi nintzenez, 8 edo 9 urte nituela, ez dut luzaroan egin beste kirolik. Badira gogoko ditudan kirolak, baina ez dakit zein aukeratuko nukeen. Ziur dakit ez liratekeela ez futbola, ez saskibaloia izango, oso traketsa naiz eta ((barreka). Agian, ukipen-kirolen bat edo mendi-lasterketak edo, agian, bizikleta. Egia esan, dena dut gustuko.
Zein beste kirol jarraitzen duzu ikusle?
Saskibaloia.
Entrenatzen aritzea, baina lehiaketetan ezin parte hartzea eta egiten ari nintzen lan guztia ezin erakustea, zama psikologiko astun xamarra da. Nonbaitetik atera behar dut, lehiaketa hel dadila eta adrenalina isuri.
Krosa egin duzu, 1.500 m, 3.000 m, 5.000 m-ko lasterketak … Zein proba duzu nahiago? Eta orain eta etorkizunerako zertan ari zara lanean?
Zaila da baten bat aukeratzea. Oso desberdinak dira haien artean, beraz, bi aukeratuko nituzke. Bai krosa, bai 5.000 m-koa pistan oso gogoko ditut.
Gainera, nire entrenatzaileak 10.000 m pistan egitea ipini dit helburu. 25 itzuli eman behar zaizkio pistari eta lantzen ari naizen alderdi psikologikoa sartzen da jokoan. Lehendabiziko harremana da, beraz, ezin ditzakegu helburu oso zehatzak finkatu hainbeste denbora geldi eman ondoren.
Duela pare bat aste, lehiatu gabe igaro duzun denboraldi korapilatsu baten ondoren, Gasteizko Pasealekuen Herri Lasterketan parte hartu eta irabazi egin duzu. Nolakoak dira osasuna dela eta lehiaketetan parte hartu ezinik zauden uneak?
Denbora luze eman nuen geldi. Lesioei dagokienez, ez dut lesio larririk izan, baina elikadura-arazo bat antzeman zidaten arte, anemia izan dut luzaroan. Hori guztia kontrolpean izatea lortu dudan arte nahiko denbora luze joan da. Entrenatzen aritzea, baina lehiaketetan ezin parte hartzea eta egiten ari nintzen lan guztia ezin erakustea, zama psikologiko astun xamarra da. Nonbaitetik atera behar dut, lehiaketa hel dadila eta adrenalina isuri. Hain gogor hasi banaiz, helburuak finkatzeko da, bestela kirola-osasuna moduan arituko nintzateke.
Korrika egiteko grina hura are handiagoa da gaur egun; lehen gehiago zen neskatxo baten ilusioa. Urteak pasa ahala, nire grina sendoagoa da; bestela, aspaldi utziko nuen.
Azal iezaiozu inoiz korrika egin ez duen norbaiti edo korrika egitea batere gogoko ez duten norbaiti. Nola animatuko zenuke korrika egitera?
Inoiz korrika egin ez duen norbaitentzat oso gogobetegarria da oso azkar ikusten direlako aurrerapena. Kirol oso soziala ere bada, edozein pertsonarekin atera zaitezke, edozein unetan eta lekutan.
Zergatik duzu gogoko korrika egitea?
Niretzat pertsonalki korrika egiteak ematen didana da nire gorputzaren gaineko kontrol sentsazioa, hainbeste eskatzeko gai izatea eta askatasun sentsazioa. Hainbeste denbora ematen badiot, gainerako kirolek ematen ez didaten zerbait ematen didalako da. Eta pertsonalki, hazten laguntzen dit eta baloreak ematen dizkit. Gainerako guztia egituratzeko zutabe nagusia da nire kasuan. Sakrifizioaren, pertseberantzia baloreak ematen dizkit, norberaren lanaren balioa …
Baduzu kirolarekin zerikusirik ez duen interes edo zaletasun gehiago?
Oso gogoko dut argazkilaritza. Argazki-kanpainaren batean modelo egin dut lan, batez ere kirol arloko modelo. Eta aktore ere aritu naiz film labur batean. Esperientzia oso polita izan zen. Kontu asko interesatzen zaizkit. Proba daitekeen guztia, probatu behar da eta esperientzia bizitzea.
Noizbait honako hau ere esan duzu: “Zapatila pare bat eta ibili”. Baina, zer-nolako garrantzia dute zuretzat?
Gure tresna nagusia dira. Desegokiak diren zapatilak edo gastatuta daudenak eramateak lesionatzea ekar diezazuke eta ordura arte egin duzun lan guztia alferrik galdu. Kontu handiz ibili behar dugu. Eta ondo datozkigunak aukeratu behar ditugu.
Oraindik gogoan duzu zure entrenamendu lehen eguna Aranbizkarra parkean. Egun hori posez bizi zenuela diozu. Hainbat urte geroago, gogo berberaz egiten duzu korrika? Zeri eutsi diozu bere horretan? Zer aldatu da?
Ilusio hura bere horretan dut. Txikia nintzeneko oroitzapen oso argia dut eta sasoi hartan bezalaxe dudala uste dut. Egia da, grina horri beste modu batean egiten diozula aurre. Entrenamenduak beste modu batera kudeatzen ikasten duzu. Nire iritziz grina hura are handiagoa da gaur egun; lehen gehiago zen neskatxo baten ilusioa. Urteak pasa ahala, nire grina sendoagoa da; bestela, aspaldi utziko nuen.
Zer uste duzu galduko zenuela, egun batean atletismoa aurkitu ez bazenu?
Hainbeste eman didanez, frustrazio handian izango zen, asko ematen didalako eta dena beste era batera kudeatzen laguntzen didalako.