Elkarrizketa Elena Loyorekin

Egiten duenaz gozatu egiten du Elena Loyok, nabaritzen zaio eta korrika egiteko duen ilusioa kutsatzen du. Kirolak lasaitasuna ematen dio eta jakin badaki jende gutxik bizi dituen esperientziak bizi dituela. Elena esperantza da oraindik euren bidea aurkitu ez duten pertsonentzat edo euren ametsak lortzeko beranduegi dela pentsatzen dutenentzat.

Txikitatik, ikastetxean crossa egiten zuten, saskibaloian jokatu edo korrika egitera irtetean ziren ahizpa nagusien uharari jarraiki, kirolez inguratuta bizi izan da Elena Loyo. Are gehiago herri batean bizi izanda, udan bizikleta hartzen baitzuen askatasunez mugitzeko.

Ingeniaritza karrera ikasi eta beste lan batzuetan aritu ostean, 2013an korrika egitearen kontua seriotan hartzen hasi zen. 5 urtetan, 2018an, nazioartekorako jauzia egiten ari zen. 2020ko hurrengo Joko Olinpikoetan maratoirako sailkatzea gustatuko litzaiokeela aitortu du Loyok, baina ez dela obsesionatzen: “Nik proba bat prestatzen dut eta ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz. Eta marka onenen artean banago eta joateko deitzen banaute, bikain”.

Proba batzuetan presio handiagoa sentitzen badu ere, muina aldatu ez dadin saiatzen da eta korrika egitera ateratzen denean, hasi zenean bezala gustatzen zaiola sentitzen du.

Gozatzea da elkarrizketan gehien errepikatzen duen hitzetako bat, San Cugat del Vallés-en Maratoi Erdiko Espainiako Txapelketa Absolutua irabazi baino egun batzuk lehenago.

 

Ezustea izan zen familia eta lagunentzat zu atletismoan maila profesionalean aritzea?

Bai. 20 urte nituela, nire kabuz egiten nuen kirola, baina ez nuen txapelketetan parte hartzen. Jende askok egiten duen bezala ateratzen nintzen korrika egitera, burua lasaitzera azterketak nituenean, esaterako. Ingeniaritza ikasten ari nintzen eta horretarantz zihoan nire ibilbidea.

30 urte inguru nituela, parte hartzen nuen txapelketetan hobetzen nindoan, eta atletismoan aritzea pentsatu nuen. Horren aldeko apustua egitea erabaki nuen eta ea zer ateratzen zen ikustea.

Eta zuk, nola bizi izan zenuen?

Ez nuen bide hori aukeratzea espero. 18 urte nituela karrera aukeratzea egokitu zitzaidanean, kirola oso gogoko nuean, baina SHEE (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak) egiteari ez nion aukera erabat serioa iritzi, nire ahizpek ere Fisika edo Ingeniaritza ikasi zutela kontuan izanda. Ez nuen etorkizunerako aukeratzat hartu. Korrika egiten hasi nintzenean ere ez nuen horretan pentsatu. Baina, hobetzen ari nintzela ikusi nuen, oso gogoko nuela eta denbora eman nahi niola.

Nola hasi zinen? Zeintzuk izan ziren zure lehendabiziko urratsak atletismoan?

Une hartan ez nuen lan oso garrantzitsua. Bide horri seriotan heldu nahi banion, gaiaz zekien norbaitek entrenatu behar ninduen, bestela mugatuta geratuko nintzen. Nire kabuz egin nezakeena eginda nuen eta entrenatzaile bat behar nuen. Eta hor iritsi zen Martín Fiz.

Beste kontu bate ere pentsatu nuen, Ingeniaritza ikasi nuenez, berrogeita hamar urte nuenean ingeniaritzan lan egiteko aukera izango nuela, baina adin horretan ezinezkoa izango zela kirol profesionalean aritzea. Edo horren aldeko apustua egiten nuen edo ez nuen inoiz egingo. Eta nahiago dut apustuari eustea, txarto atera arren, egiteko gogoz geratzea baino.

Kirolean hastean zenuen adina dela eta, azalpen asko eman behar izan dituzu?

Egia esan, ohiko elkarrizketa izaten da, jendeari arraroa egiten zaiolako, baina, oro har, komentario positiboak dira. Askotan gertatzen zaigu, adina dela eta, atzerantz egiten dugula. Nire kasuan, jendeak eredu gisa hartzen du, adinagatik trabarik ez jartzeko edo inspiratzeko eredua izaten naiz.

Oso txarto egon behar dut lasterketa batetik erretiratzeko. Buru gogorra naiz, egoskorra.

Zure iritziz, zein ezaugarri dituzu kirol honetarako?

Laguntzen didan fisikoa dut. Txikitatik, eskolako atsedenaldian, irabazi nahi nuen beti, barrutik ateratzen zitzaidan korrika egiteko grina eta mutilekin lehian aritzen nintzen.

Martín Fiz nire entrenatzaileak dio burugogorra naizela. Oso tematia naiz eguneroko entrenamenduan eta lehiaketatan tinko eusten diot goiari. Oso txarto egon behar dut erretiratzeko. Buru gogorra naiz, oso egoskorra.

Nolakoa da Martín Fiz izatea entrenatzaile? Zer ikasi duzu berarengandik urte hauetan?

Berak irrikaz bizi du kirola. Horrela bizi duen norbait hurbil izateak berak izugarrizko indarra ematen dit.

Atleta profesional arloan duen eskarmentuak gauzak ondo egiteko modua kutsatzen dit. Gasteizen pribilegiatuak gara, Martin bertan dugulako.

Balore oso positiboak transmititzen duen pertsona da, oso hurbila eta berdintasunean oinarritzen da gure tratua. Ez da ohikoa jende hain hurbila eta eskura dagoena aurkitzea elitekoen artean.

Zorionekoa naiz, korrika egitea oso gogoko dudala konturatu naizelako eta denbora eman diezaiokedalako egunez egun.

Zergatik duzu gogoko korrika egitea?

Alde batetik, korrika egiten dudan bitartean dudan askatasun sentsazioagatik. Ondo sentitzen naiz. Oso larriak ziren arazoak, korrika egitean txikiago egiten dira.

Beste alde batetik, erronka da. Lehiaketa batean nagoenean, beti iristen da une bat zeinetan nire gorputzak gelditzeko esaten didan eta buruak ere ez du jarraitu nahi. Erronka da eustea eta neure burua gainditzea. Eta hori gero, nire bizitzako arlo askotan jartzen dut praktikan. Horregatik uste dut oso positiboa dela.

Zer sakrifikatzen duzu korrika egitearren? Atletismoan aritzeko zerbait utzi duzula sentitzen duzu?

Ez, are gehiago, nik uste dut zerbait sakrifikatuko nuela apustu hau egin izan ez banu. Zorionekoa naiz, korrika egitea oso gogoko dudala konturatu naizelako eta denbora eman diezaiokedalako egunez egun. Ez dago hori ordainduko duen dirurik.

Noizbait egiten duzu korrika helburu barik, korrika egiteagatik besterik ez? Entrenamendua kontuan hartu barik edo ibilbide finkoa izan barik?

Kalitateko entrenamenduak ez ditugunean (serie laburrei eta luzeei buruz ari da). errodaje egunetan neuk aukeratzen dut ibilbidea. Askatasun handia dut arlo horretan, batez ere asfaltoa prestatzen ari naizenean, nahi dudan lekutik egiten ditut errodajeak. Batzuetan Murgiara joaten naiz, beste batzuetan urtegira, Opakuara igotzen naiz edo Gasteizetik.

Araban zorte handia dugu zirkuitu asko ditugulako aukeran eta eguneroko errutinatik atera naiteke.

Elena Loyo El Prado parkean, non duela urte asko Martín Fizekin entrenatzen duen
Elena Loyo El Prado parkean, non duela urte asko Martín Fizekin entrenatzen duen

Nola prestatzen duzu burua lasterketetarako?

Garrantzitsua da jakitea nortzuk izango diren nire lehiakideak, estrategia aukeratu ahal izateko. Amaieran arinak diren ala ez. Eta neure buruan asko kontzentratzea ere, lasterketan dudan borrokan.

Ikusleei dagokienez, beti ematen didate plus bat. Animatzen badute, presioa izan beharrean, nire onena ateratzen laguntzen didan zerbait da, niretzako korrika egiteaz gain, beste pertsona batzuek ere nire ahalegina aintzat hartzen ari direlako.

Zer dakarkizu marka hobetzeak?

Poztasun izugarria da. Faktore asko elkartu behar dira horretarako: oso ondo entrenatu izana; egun horretan ondo egotea eta azken orduko molestia barik edo ezusteko katarro barik; baldintza meteorologikoak; gainerako lehiakideak, e.a.

Dena elkartzen denean eta marka ona lortzen dudanean edo lehiaketa baterako minimo bat, poz izugarria da.

Orain pozik nabil maratoian eta distantzia luzeagoetan, baina dena dut gogoko.

Zer gertatzen da lasterketa batean zure markaren azpitik geratzen zarenean?

Badakit hori ere gerta dakidakeela. Batzuetan nire sasoia neurtzeko komeni zaidalako joaten naiz lehiaketaren batera eta ziur dakit ez dudala nire marka egingo.

Korrika serioago egiten hasi nintzenean, hobetzen nindoan lehiaketa bakoitzean, baina puntu batetik aurrera, batzuetan hobetzen duzu eta beste batzuetan ez.

Maratoia, maratoi erdia, 10 km, crossa. Zein nahiago duzu? Eta zertan ari zara fokuratzen orain eta etorkizunerako?

Ez dakit. Egia esan denak ditut gogoko. 1.600 metrokoa egiten dudanean ere oso gogoko dute, ez lasterketa garrantzitsuetan lehiatzeko, baina oso ondo pasatzen dut.

Lasterketa-mota bakoitzak alderdi desberdinetan jartzen nau proban: batzuetan erresistentzia, beste batzuetan abiadura. Baina denetan pasatzen dut primeran.

Orain maratoian zentratu naiz, distantzia luzeagotan, baina dena dut gogoko.

Elena Loyok hurrengo entrenamendua prestatzeko luzatzen du
Elena Loyok hurrengo entrenamendua prestatzeko luzatzen du

Nola dosifikatzen zara proba bat prestatzeko?

Maratoi bat prestatzeko, kilometro asko entrenatzen dut. Egunerokoan KO nago. Ezin dut astebururo lehiatu, fresko iritsi behar dudalako maratoira eta indar nahikoa izan amaierara behar den beste energiaz iristeko.

Nola ahalegintzen zara zure mugak gainditzen lasterketetan?

Iaz, Melillako Maratoi Erdiko lehiaketan -Valentziako Mundialerako sailkatzekoa zena-, hasierako berrehun metroetan nabaritu nuen zangoetako mina nuela. Hor burua erabili behar izan nuen korrika egiteko. Eutsi behar niola pentsatu nuen, ahalik eta gutxien agortzen saiatu, eta hortxe jarraitu.

Azkenean txapelketa ordea lortu nuen. Lasterketa oso gogorra izan zen, fisikoak ez zidalako batere lagundu eta buruak behartu zuen gorputza helmugaraino iristeko.

Mina sentitzen duzu korrika egitean? Zure gorputzak noizbait esan du aski dela?

Nik beti esaten dut nonbait min baduzu, bizirik zaudela esan nahi duela. Hori da nire kontsolamendua. Egun batzuetan, jaiki eta gorputz osoa dut minduta, eta kirola egitea benetan ona den pentsatzen dut (barre egin du). baina horrekin bizitzen ikasi behar da. Lanaren nekeak dira.

Elena Loyok hurrengo udazkenean Doha Mundialera joan ahal izateko maratoi bat prestatzeko helburua du
Elena Loyok hurrengo udazkenean Doha Mundialera joan ahal izateko maratoi bat prestatzeko helburua du

Zein lasterketa prestatzen ari zara 2019rako?

Orain maratoi bat dut helburu, Dohako Mundialerako minimoa lortzen saiatzeko. Eta maratoi hori nola ateratzen den ikusita, denboraldi amaieran pista pixka bat egingo dudan ala ez erabakiko dugu. Edo sailkatzen banaiz, Mundiala ondo prestatuko dut.

Eta Olinpiadak?

Bai, ezarri dituzte minimoak eta nahiko zorrotzak dira. Río de Janeirorako maratoiko minimoa 2´34” zen eta Tokiorako 2´29”ra jaitsiko dute.

Arrisku handia hartu beharko dut. Ikusiko dut nola planteatu. Dibertigarria izango da. baina ez naiz obsesionatzen. Izugarri gustatuko litzaidake joatea eta marka ona lortzeak motibatzen nauelako borrokatuko naiz. Baina ez dut horretan pentsatu nahi.

Zein lasterketa egite gustatuko litzaizuke eta oraindik ez duzu lortu?

6 majors deritzenen maratoiren bat (munduko 6 maratoi garrantzitsuenak). Esaterako, New Yorkeko maratoia, guztion ahotan ibiltzen da eta.

Eta muturreko baldintzetan egiten den probaren bat, maratoiren bat basamortuan edo Poloan. Baina hori lehiatzen ez nabilenean, orain ezin bainaiz lesionatu. Orain ezin dezaket horrelakorik egin, zoramena litzateke eta. Mendia ere oso gogoko dut, baina albo batera utzi nuen asfalto gaineko abiadura ustiatu nahi nuelako.

Zer gomendatuko zenieke neska arabarrei atleta egin daitezen? Zer urrats eman behar dute hasteko?

Gogorik badute, ez dezatela utzi. Ez dezatela emaitzarik espero epe laburrean. Lanari ekin diezaiotela. Eta horretan jardun dezaketela pentsa dezatela. Zori txarrez oraindik ez dugu erreferentzia izan daitezkeen neska asko. Horregatik da ezinbestekoa euren ingurukoek anima ditzatela. Kirola oso garrantzitsua da, asko ematen dizu. Gogoko badute, denbora eman diezaiotela esango nieke.