Marta García hamabost urteko tenis-jokalaria da, 2018tik Arabako sailkapeneko liderra, hain zuzen ere.
Peña Vitoriana tenis klubekoa da, sei urte zuela jokatzen hasi zenetik. Geroago bere neba eta gurasoak etorri dira bere atzetik, eta gaur egun denek jokatzen dute tenisean.
Jakin badaki oso zaila dela tenisean maila profesionalean aritzea, eta argi du Zuzenbide Ekonomikoa ikasi nahi duela.
Bien bitartean, ondo pasatzen du eta ez du amore ematen partida konplikatu arren. Hori da bere sendotasun handienetako bat, amore ez ematea.
Zenbat urte zenuen tenisean jokatzen hasi zinenean? Baduzu kirol horretan aritzen den lagunik edo familiakorik?
6 urte nituela hasi nintzen. Etxeko lehenengoa izan nintzen, gurasoei kirol hori gustatzen zitzaielako. Gero neba txikia etorri zen atzetik.
Gure gurasoek, hain gogoko genuela ikustean, euren ere izena eman zuten eta orain laurok jokatzen dugu tenisean.
Zergatik duzu gogoko tenisean aritzea?
Jokatzen dudan bakoitzean pozgarria da eta oso ondo pasatzen dut.
Astean zenbat denbora entrenatzen duzu?
Ordu eta erdi hiru egunetan eta partidak. Lehiaketarik ez dagoen asteetan, beste batzuekin geratzen naiz entrenatzeko, partida bat balitz bezala.
Astean zehar entrenamendu fisikoa ere egiten dut: gimnasioa eta korrika egitea.
Zer da inportanteena entrenatzeko orduan?
Batez ere erresistentzia, partida luzeenak jasan ahal izateko. Eta gero, zangoetan eta besoetan hartu behar da indarra.
Egun batean entrenatu nahi ez baduzu, zer egiten duzu hori gainditzeko?
Bai, egun batzuetan ez dut entrenatzeko gogorik. Egun horietan mentalizatu behar dut. Behin klubean nagoenean, jadanik ez zait kostatzen.
Zure iritziz, zeintzuk dira tenisean jokatzeko dituzun trebetasunak?
Nire ustez burua dut. Partida batean txarto badoakit konpontzen saiatzen naiz. Pertsona batzuek txarto hasten badira, dena galdutzat ematen dute. Nire iritziz, hori da nik dudan ona, inoiz ez dut partida galdutzat ematen.
Banakakoan lehiatzea nahiago dut. Huts egiten badut, niri baino ez dit eragiten eta ez diot nire kidearen partidari kalterik egiten
Gogoko duzu lehiatzea?
Bai, gogoko dut lehiatzea, neure buruari hobetzen ari naizela erakusteko eta progresioa ikusteko.
Oso urduri jartzen zara partida hasi baino lehen?
Pixka bat, partida aurretik. Baina, behin entrenatzen hasiz gero, nerbioak desagertzen dira.
Zu baino neska nagusiagoen kontra jokatu eta irabazi egin duzu, zer sentitzen duzu horren aurrean?
Txikitatik gustatu zait nire kategorian eta goragoko beste batean lehiatzea, nire gaitasuna probatzeko. Batzuetan irabaztea lortu dut eta ilusio handiagoa da, nik baino eskarmentu luzeagoa eta maila hobea dutela suposatzen delako. Aurrerantz noala erakusten dit.
Dobleak jokatzen dituzu? Nahiago duzu bikoteka edo banakakoan lehiatu?
Normalean banaka jokatzen dut, baina urtean pare bat torneotan binaka ere jokatzen dut.
Gogokoago dut banakakoa, egiten ditudan hutsegiteek ni baino ez nautelako kaltetzen. Binakakoetan egun ona ez badut, kideari partida hondatu diezaioket.
Joan den denboraldian, Arabako 1. postua lortu zenuenean, zer izan zen zuretzat?
Poza izan zen eta entrenatzen jarraitzeko indarra eman zidan. Entrenamendu eta ahalegin guztiak sari hori izan zuten, eta aldi berean, jarraitzeko gogo handiagoa ere eman zidan.
Eta zer esan zizun zure familiak?
Nire gurasoek niri laguntzeko daudela esan zidaten eta konturatu nadila egiten ari naizen ahalegin guztiak merezi duela.
Nolakoa izan zen Gasteizko I World Tennis Tour-a gonbidatu gisa jokatzearen esperientzia?
Hor bai askoz urduriago jarri nintzela, torneo garrantzitsuagoa delako. Etorri ziren jokalarien maila nabaritu zen. Jokatzen ditudan torneoetako maila ez bezalakoa izan zen.
Asko ikasi zenuen egun horietan?
Lehenengo partida baino ez nuen jokatu, galdu egin nuelako. Baina jokalari guztiak entrenatzen eta jokatzen ikusiz, asko ikasi nuen.
Liluragarria litzateke Wimbledonen jokatzea
Oraindik jokatu ez duzun zein torneo jokatzea gustatuko litzaizuke?
Hemendik ia denak jokatu ditut. Euskadin, Miranda de Ebron eta Iruñean jokatzen dut. Gasteizen ez dago torneo askorik, baina Bilbon eta Donostian gehiago dago.
Maila profesionalean liluragarria litzateke Wimbledonen jokatzea.
Nortzuk dira zure erreferenteak tenisean? Zergatik?
Emakumezkoen tenisean oso gogoko ditut Naomi Osaka eta Simona Halep. Gizonezkoen tenisean, Rafa Nadal eta Dominic Thiem.
Pistan duten jokatzeko era eta konpromisoa ditut gustuko.
Zein da tenisean jokatzeko egiten duzun sakrifizioa?
Niretzat ez da sakrifizioa, denetarako astia izateko antolatzen saiatzen naiz-eta: entrenatzeko, ikasteko eta lagunekin egoteko. Eta batez ere, egiten ari naizena oso gogoko dudalako.
Zure lagunek ulertzen al dute kirol honi ematen diozun denbora?
Bai, kirola egiten duten lagun gehiago dut-eta. Asteburuan lehiaketetara joan behar dudanean ez zaie asko gustatzen, baina babestu egiten naute eta animatu ere bai.
Tenisean maila profesionalean aritu nahiko zenuke?
Aukera badut, nahiko nuke, baina oso zail ikusten dut.
Ez naiz tenisean pentsatzen ari, karrera batean baizik. Zuzenbide Ekonomikoa ikasi nahi dut.
Nola animatuko zenuke neska bat tenisean jokatzera?
Poztasun asko ematen duela esango nioke, nahiz eta egun batzuetan aldapan gora egin. Ez zaio damutuko. Lagun asko egiten dira eta ondo pasatzen da. Dibertsioa da.
Tenisaz gain, egin al duzu beste kirolik edo ez duzu astirik izan?
Bai, dantza klasikoa eta jazz ere egiten dut. Eta lehen saskibaloian jokatzen nuen.
Tenisean jokatzen hasi nintzenean, ez zitzaidan gehiegi gustatzen. Orain gogokoen dudana da
Jokatu duzu noizbait padelean? Gogoko duzu?
Torneo bat jokatu dut, baina ez zait tenisa beste gustatzen. Zelaia askoz txikiagoa da, hormek balio dute eta horrek asko laguntzen du, eta alboan beste pertsona bat dago, beraz ezin naiteke tenis-pistan beste mugitu.
Duela bederatzi urte tenisean hasi zinenean bezalako ilusioa duzu?
Hasi nintzenean ez zitzaidan gehiegi gustatzen, baina klubeko hainbat neskak jarraitzera animatu ninduten eta orain gogokoen dudana da. Ilusio handia dut.