Nerbio eta nortasun handia du, Maria Iglesiak amore ematen ez duen borrokalaria da. Indar handia duela eta ez duela beldurrik dio berataz bere amak.
Eskubaloiarekin konprometituta, dena ematen du taldeari ondo joan dakion.
Gainera, txikitan umeek mota guztietako kirolak egin ditzaketela aldarrikatzen du Mariak, probatu eta gero aukeratu ahal izateko, ez daitezela futbolean edo saskibaloian geratu. Bere iritziz, kirola ezinbestekoa da, errespetua eta adiskidetasuna bezalako baloreak zabaltzen dituelako.
Familiatik datorkio interesa Mariari, izan ere, aita kirol zale amorratua da eta berarekin partekatzen du eskubaloiarekiko zaletasuna.
Zenbat urte zenuen eskubaloian jokatzen hasi zinenean?
11 urte nituela, Lehen Hezkuntzako 5. mailaren amaieran. Eskubaloia egiten zuten nire gelako lagun batzuei jarraiki hasi nintzen, kirol oso ona zela esan zidaten eta izena ematera animatu ninduten. Ni garai hartan saskibaloian aritzen nintzen. Hasi nintzen, asko gustatu zitzaidan eta aurrera jarraitu nuen.
Gogokoago izan zenuen eskubaloia saskibaloia baino?
Bai, 5. eta 6. mailan kirol biak egiten nituen. DBHko 1. mailan bat aukeratzeko esan zidaten, denbora gehiago izateko, eta eskubaloia aukeratu nuen, gehiago betetzen ninduelako eta hobeto zetorkidalako.
Zergatik izan zenuen gogokoago eskubaloia?
Kontaktu fisiko gehiago dagoelako. Saskibaloian, pixka bat ukitu eta falta da eta kirol bien arteko nahastea nuen.
Eta kiroltasun gehiago dagoelako ere, garbiagoa da, nahiz eta kontaktu fisiko gehiago egon. Gero denek dute harreman hobea, ez da hainbeste haserrealdi. Nahiz eta jokoan pertsona batekin borrokatu, gero ez da aintzat hartzen. Kirol hori horrelakoa da, baina ez da ezer gertatzen.
Urte hauetan zehar, zure familia eta lagunen laguntza izan duzu?
Bai, kirola egitea ezinbestekoa da. Nire iritziz, guztiok egin beharko genuke, apur bat, behintzat. Aian, norbaiti ez zaio eskubaloia gustatuko, baina tenisean aritzea edo gimnasiora joatea izango du gogoko. Bizitzan ezinbesteko zerbait dela uste dut.
Kirola egitea ezinbestekoa da. Guztiok apur bat egin beharko genukeela uste dut, bakoitzak gogoko duena.
Unean bertan kontzentratzen ikasteko balio izan dizu kirolak?
Bai, hobeto kontzentratzen lagundu dit. Ihesbidea ere badela uste dut. Agian, milaka arazo izan ditzaket, ikasi behar dut edo ikastetxean ez zait zerbait ateratzen, nire lagunekin arazoak izan ditzaket, baina entrenatzera noa eta den-dena ahazten dut, eta jokoan kontzentratzen naiz. Ondo egitea baino ez dut buruan, jokatzea eta ondo pasatzea.
Gogoko duzu lehiatzea?
Bai, oso lehiakorra naiz. Oso gogoko dut lehiatzea eta ea irabaz dezakegun ikustea. Galtzen ere badakit, baina irabaztea oso ondo dago.
Oso urduri jartzen zara partidak iristen direnean?
Partidaren arabera. Beste taldea oso ona dela badakit, nolabaiteko urduritasuna sartzen zait, badakidalako oso zail jarriko didatela. Baina hori, batzuetan, ondo dator, onena emateko eta ondo jokatzeko. Ondo jokatzen badut, neure buruaz harro nago eta hobeto daramat galdu izana.
Nola saiatzen zara gainditzen zure mugak edo partida bat ondo atera ez zaizunean?
momentuan larritu egiten naiz eta baliteke negar egitea, tentsioa askatzeko. Baina gero taldekideren batekin hitz egiten dut partida komentatzeko eta bere iritzia eman diezadan.
Eta aurten, zein ligatan jokatuko duzue?
Federatuta gaude, baina Gasteizen emakumezkoen eskubaloi talde bakarra dago, beraz, aurten, Bizkaiko ligan jokatzen ari gara. Urtero aldatzen dugu: urtebete Bizkaiko ligan eta hurrengo urtean Gipuzkoakoan.
Astean zenbat egunetan entrenatzen duzu?
Momentuz, aurten, astean egun bitan entrenatzen ari gara, ordu eta erdi. Baina, beste egun batean ere entrenatzen saiatuko gara, kantxa libre badago.
Nola uztartzen dituzu entrenamenduak eta partidak, ikasketekin eta lagunekin egoteko denborarekin?
Antolatzen saiatzen naiz, baina ez dut sentitzen astirik ez dudala. Dena egiteko astia dudala uste dut.
Adibidez, ostiral batean ez badut nire lagunekin geratzerik, ikasten geratzen naiz, badakidalako larunbat arratsaldean partida izango dudala, eta gero nire taldekideekin geratuko naizela. Partiden ostean elkarrekin geratzea gustatzen zaigu-eta.
Partiden ostean jokaldiak komentatzea gustatzen zaizue?
Beraiek ere nire lagunak direlako geratzen gara. Azkenean arratsalde osoa ematen dut beraiekin. Hamabost edo hamasei gara taldean. Aurten, bigarren urteko gazteekin nahastea tokatu zaigu, hortaz, nire adinekoak eta urtebete zaharragoak gara.
Noizbait pentsatu al duzu eskubaloiari uztea?
Ez, nire iritziz ilusioz jokatzen ez baduzu, hobe da uztea.
Eskubaloian jokatzen jarraitu nahiko zenuke ikastetxea amaitu ostean?
Bai, ahal badut bai.
Eta profesional mailan?
Oxala, izugarri gustatuko litzaidake, baina zaila da. Gutxiengo baten kirola denez, eskubaloiak ez du bizitzako ematen. Beste zerbait izan behar duzu, karrera batekin uztartzea edo ikasketekin.
Zure ikasgelako neskek kirola egiteari uzten joan direla nabaritu duzu?
Nire lagunek kirola egiten dute edo gimnasiora joaten dira.
Zer gomendatuko zenioke eskubaloia interesatzen zaion neskatxo bati?
Probatu dezala eta gogoko badu, jarraitu dezala. Sakrifizioren bat egin beharko du eta beste zerbait utzi, baina jarraitu dezala. Zer esango dizut nik, niri izugarri gustatzen zait-eta.
Nire iritziz ondo dator kontrako taldeak zail jartze, gure onena eman dezagun
Zure iritziz, zeintzuk dira eskubaloian jokatzeko dituzun trebetasunak?
Pibote jokatzen dut eta nik uste dut nahiko ondo egiten dudala blokeoa eta nire taldekideek baloia pasa diezadatela edo egiten dudan bitartetik sartu daitezela. Eta atera jaurtitzea ere ondo ateratzen zait.
Nortzuk dira zure erreferenteak eskubaloian?
Eli Pinedo, duen indarrarengatik. Arabarra da eta selekzio nazionalean jokatu du.
Saskibaloian hasi zinenean bezalako ilusioa duzu?
Nik baietz uste dut. Ilusiorik ez badut, hobe da jokatzeari uztea.
Ez nuke banakako kirola egin nahi, presioa eragingo lidakeelako eta erantzukizun guztia nire gain eroriko litzatekeelako
Eskubaloi partidak jartzen dituzte telebistan? Ikusten dituzu?
Beno, Teledeporten jartzen dute, Mundialetan eta antzekoetan. Batzuk ikusten ditut, baina ez gehiegi. Egiteke dudan gaia da, partida gehiago ikustea telebistan ematen dituztenean.
Beste kirolen bat egin nahiko zenuke?
Errugbia ere gogoko dut.
Eta banakako kirolak?
Ez, presio handiago eragingo lidakeela uste dudalako. Nik neuk egin beharko nuke dena, bakarrik, eta erantzukizun guztia nire gain eroriko litzateke.
Taldean erantzukizuna banatu egiten da, eta gainera, beti dut hobera egiteko gogoa, nire taldekideei laguntzeko.