Ona Perezek, Gasteizko Lautada klubeko emakumezkoen waterpoloko entrenatzaileak, jaio zenetik edoski du kirol hori. Bere 25 urteetan zehar waterpoloaren sekretuak ikasi ditu jokalari eta entrenatzaile ikuspuntutik. Oso mundu korapilatsua dela jakitun bada ere, gaur egun bere bokazioa eta lanbidea da.
Bere aita Sergi entrenatzaile profesionalak txikitatik irakatsi dio egiten zuenarekin, prestaketarekin eta partidekin konpromisoa hartzen. Oso kirol zorrotza da, entrenamenduak egunero eta partidak asteburuetan, hortaz, bizitza soziala murriztu egiten da.
Bere familian waterpoloak mugiarazi ditu beti. Zazpi urte zuela Bartzelona utzi eta Bilbora joan zen, eta hamasei urte zuela Irunera joan zen, berriro ere aitaren lanak hala behartuta. Euskal Herriko hainbat klubetan eta Euskadiko selekzioan jokatu du. Duela hiru urtetik emakumezkoen taldea entrenatzen du Gasteizko Lautada klubean, non Ona Perezek duela zenbait urte jokatu zuen.
Txikitatik ikusi duzu zure aita waterpoloan jokatzen. Nola egin zenuen zuk jauzi igerilekura?
Oso txikitan hasi nintzen aitaren partidak ikusten. Berak eman nire lehen igeriketa-eskolak, eta gero, pixkanaka, ikastaroekin hasi nintzen. Nire lehenengo entrenatzailea izan zen.
Udan igerilekura joaten ginenean, nik taula gorantz eta taula beherantz egiten nuen, gainerako haurrek jolasten zuten bitartean.
Beste kirol batzuk egiten ari zinen une hartan?
Bai, eskolaz kanpoko ohikoak. Kirola beti gustatu izan zait, baina gehien interesatu eta etxean ikusi dudanarekin geratu naiz.
Zein klubetan hasi zinen jokatzen?
Bilbon, Askartza klubean. Mutilekin hasi nintzen. Oraindik ez zegoen nesken talderik, eta pixkanaka igotzen joan nintzen.
Zer esaten zizuten zure ikaskideek waterpoloan jolasten zenuelako?
Ez naiz horretaz asko gogoratzen, baina bai, nagusiagoa nintzenean, ikaskideren batek esan zidala klasean lixiba usaina zegoela. Ni nintzen, egia esan, kloro usaina nuen-eta. Hainbeste ordu entrenatzean, usaina arropatan, bainujantzian … itsatsita geratzen da, denoi gertatzen zaigu. Amak igerilekura joateari utzi geniezaion gogoa zuela esaten zigun, usainagatik.
Zure aita waterpolo jokalaria izan ez balitz, zuk horretan jardungo zenuela uste duzu?
Ez, kirol minoritarioa delako. Bartzelonan bai, oso kirol ezaguna da, baina hemen Euskal Herrian jaio izan banintz, uste dut ez nukeela horretan jardungo.
Agian ez zenuen waterpoloa ezta ezagutuko ere?
Hori da. Adibidez, duela bi urte bikotekidea ezagutu nuenean eta waterpoloko entrenatzailea nintzela esan nionean, aurpegi arraroaz begiratu ninduen. Olinpiadetara joateko elkartzen ziren lau ero zirela uste zuen, eta urteko gainerako egunetan ez zela jokatzen.
Duela hiru urte deitu zidaten, eta euren proiektua emakumezkoen talde bat ateratzea zela esan zidaten.
Nolakoak izan ziren zure hastapenak waterpoloko entrenatzaile eginkizunetan?
Aitak berak proposatu zidan noizean behin lagun niezaiola. Berak Irunen entrenatzen zuen, eta ezin zuen kategoria guztiekin. Baina ez zidaten ezer ordaintzen.
Haur txikiekin laguntzen hasi nintzen. Klubeko koordinatzaileak ikusi ninduen, eta esan zidan begirale eta sorosle titulua ateraz gero, orduak eman ziezazkidakeela. Eta horrela hasi nintzen.
Nola iritsi zinen zure egungo klubera, Lautadara?
Duela hiru urte deitu zidaten, eta euren proiektua emakumezkoen talde bat ateratzea zela esan zidaten. Helburua zen ni bezalako emakumezko figura batek erakarrita, neska gehiagok ematea izena.
Ni iritsi nintzenean emakumezko bost jokalari baino ez zeuden. Pixkanaka igeriketako neska gehiagok eman zuten izena, eta orain hamaika gara. Haur gehiago daude, baina oraindik kategorian gora egin behar dute.
Astean zenbat egunetan entrenatzen duzue?
Egunero. Ordu eta erdi eta bi ordu artean. Eta gainera, partidak larunbat eta igandeetan.
Noren aurka jokatzen dituzue partidak?
Gasteizen kirol minoritarioa da, hemen gu baino ez gaude. Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Burgos eta Kantabriako taldeekin jokatzen dugu.
Zer da garrantzitsuena waterpoloan jokatzeko orduan?
Erresistentzia. Partidetan beti zaude baloiarekin edo kontrario bat ondoan duzula.
Waterpoloan jokatzeko baldintza fisiko bereziak izan behar al dira?
Ez, edonork joka dezake. Igeri egiten badakite, hobeto.
Zer ezaugarri izan behar ditu waterpoloan aritzen den pertsona batek?
Pazientzia eta dedikazioa. Neska asko ez dagoenez, aldi berean hiru kategoriatan jokatzen ari diren jokalariak ditut. Denboraldiko une batean ezin dute gehiago. Esaterako, duela pare bat aste hiru neskek bi partida jokatu behar izan zituzten arratsalde berean.
Nola motibatzen duzu zure taldea exijentzia maila horri eusteko?
Nik ulertzen ditut, neuk ere hori bizi izan dudalako. Alde politetik enfokatzen dut, denboraldi amaierarako helburu bat dugula eta beteko dugula esanez. Orain, denboraldi erdian, zaila da, urritik daramagulako jokatzen jarraian, ez zubirik, ez ezer.
Zer ikasten dute haurrek taldean jokatzen?
Adineko neskek badakite. Txikitxoei talde bat garela irakasten diegu, eta batek huts eginez gero, denek huts egiten dutela, eta batek gol asko sartzen baditu, taldeak irabazten duela. Ez da hori oso ona delako. Jokalari horrek, inor gabe, ezingo luke. Talde-kirolak bere biharko eguneko lanerako laguntzen du.
Gaur egun oso jende gutxik egiten du waterpoloa esklusiban
Aldatu egiten al da egoera jokalariaren ikuspegitik entrenatzailearen ikuspegira?
Asko. Baina oso esperientzia polita izaten ari da. Ulertzen ditut, neska naizenez gero, eurentzat eramangarriagoa da eta gauza gehiago kontatzen dizkidate.
Entrenatzaile lanetan zer da gehien gozatzen duzuna?
Neskak ikustea, haien arteko sintonia, taldea, elkarri egiten dizkioten txantxak …
Batzuetan errieta egiten diet, eta neure burua ikusten dut gauza bera egiten aspaldi ez dela. Duela lau urte, ni ere haiek bezala nengoen.
Zure burua entrenatzaile lanetan ikusten al duzu etorkizunean?
Bai, baina oso mundu konplikatua da. Gizonez betetako mundua da, eta gehiago hemen. Ezinezkoa da horretan esklusiban aritzea.
Orain bai, gaztea naizelako eta familia kargarik ez dudalako. Biharko egunean, seme-alabak izan nahi baditut, aukeratu egin beharko dut. Gaur egun oso jende gutxik egiten du waterpoloa esklusiban, nire aitak egiten duen bezala. Eta hilabete bukaerara iristea kosta egiten da. Tristea da, baina hori da errealitatea.
Entrenatzaile lanetan nora irits nahiko zenuke?
Hemezortzi urte nuela galdetu izan bazenit, Espainiako selekzioko entrenatzaile izatea gustatuko litzaidakeela esango nizukeen.
Baina oraintxe bertan nire waterpolo kluba osatzea gustatuko litzaidake gehien. Hiri batean hutsetik zerbait hastea. Edo ikastetxe batean proiektu bat egotea, haurrekin txikitatik hasteko lanean. Waterpoloa gehiago ezagutaraztea.
Nola dago oraintxe bertan emakumezkoen waterpoloa Euskal Herrian?Oso azkar ari da hazten. Leioan oso ondo ari dira, euren jokalarietako bat Espainiako selekzioarekin aritu zen iaz. Nafarroan ere Lehen Mailan jokatzen dute.
Zer uste duzu behar dela Gasteizen waterpoloa sustatzeko?
Gehiago ezagutu dadila. Irunen hemen, Gasteizen, baino neska-mutil gehiago dago. Bizkaian ia igerileku bakoitzean jokatzen da.
Guk nesken campusa egiten dugu udan, eta mistoak Gabonetan, Aste Santuan eta irailean.
Campusek balio al dute nesken arreta deitzeko?
Haur askok ematen dute izena. Mutilak baditugu, baina neska gehiago behar ditugu. Behin interesatzen zaienean, zailena geratzea da.
Zer moduz zure esperientzia ikastetxeetan hitzaldiak ematen Vital Fundazioaren eskutik? Ikasleen aldetik interesik ikusi al duzu
Interesatu interesatzen zaie. Haurrei asko gustatzen zaie ura, baloia, atea. Baina egia da horretan mutilak baino ez direla aritzen pentsatzen dutela.