Patricia Barrasa

Boleibol

Patricia Barrasak hasiera-hasieratik izan zuen argi boleibola zela berea. Gaur egun, jokatzen bederatzi urte eman ondoren, Alberto bere osabaren eskutik hasi zenean baino ilusio handiago du kirol honetan aritzeko. Alberto Haro Rioja Voley taldearen Emakumezkoen Superligako entrenatzailea da.

Hamazazpi urte ditu eta bere helburuak lortzera oso bideratuta dago. Patriciak badaki aparteko ahalegina egin beharko duela medikuntza ikasi eta lehian jarraitzeko. Baina bera ez da beldur eta gauza biak batera egin ditzakeela deritzo.

Kirol honetarako bere ezaugarri aipagarriena jartzen dion kemena eta ahalegina dira. Gogokoen duena talde-lana da, eta arlo hori ez zuen aurkitu gimnasia erritmikoa egiten zuenean.

Vialki Udapa taldearen jokalaria da, iaz Lehenengo Dibisio Nazionalean jokatu zuten, ata ondo joan ez zitzaien arren, Patricia oso pozik dago hartutako eskarmentuarengatik eta asko ikasi zutelako.

Gainera, 2018an hondartza-boleiboleko Euskadiko txapelduna ere izan zen eta hirugarrena 2019an, kirol hori ere praktikatzen baitu eta oso ondo pasatzen du.

Zenbat urte zenuen boleibolean jokatzen hasi zinenean? Baduzu kirol horretan aritzen den lagunik edo familiakorik?
Zortzi urte nuenean hasi nintzen, badaramatzat bederatzi jokatzen. Gimnasia erritmikoa egiten nuen, baina utzi egin nahi nuen eta osaba boleibol entrenatzailea denez -orain Haro Rioja Voley taldea entrenatzen du-, probatzera joateko esan zidan. Lehenengo egunetik ikusi nuen hau nire kirola dela. Gimnasia baino askoz gehiago gustatu zitzaidan.

Boleibola gogoko duzu eta merezi dizu. Baina, sakrifizio asko egin behar izan dituzu boleibolean jokatzeko?
Bai, batez ere ikasketetan. Iaz, Batxilergoko 1. mailan, zailagoa izan zen, nota ona behar dudalako medikuntza ikasteko.

Entrenamenduak uztartzeko, 1. dibisioan jokatu, partiduetarako bidaiak Madrilera edo Kanarietara, ikastetik kendu behar nuen denbora.

Kirol horren exijentzia maila dela-eta, pentsatu al duzu noizbait jokatzeari uztea?
Ikasturte honen amaieran, ikasketak zirela eta, bai. Baina ez nuen luzaroan pentsatu. Nik uste dut jende guztiari gertatu zaiola, noizbait hori pentsatu dela.

Eta batxilergoa amaitu eta Unibertsitatean hasten zarenean, lehian jarraitzeko asmorik al duzu?
Bai, zalantza barik. Gasteizetik kanpo ikasi behar dut, hortaz beste hiri batera joan beharko dut eta taldez aldatu.

Nik uste dut kirolak denbora oparitzen didala, kendu beharrean

Astean zenbat egunetan entrenatzen duzu?
Egunean ordu bi astelehenetik ostegunera eta larunbatetako partida.

Alde handia dago jokalarien adinari dagokionez?
Bai, iaz nire adineko hiru neska besterik ez ginean. Gero, hogeitakako batzuk eta hogeita hamarretik gorako baten bat zeuden.

Baduzu zuretzako astirik ikasi eta entrenatu ostean?
Beti dago astia, nire ustez dena egin daiteke. Kirolak denbora asko kentzen diti, beno, egia esan, nik uste dut oparitu egiten didala. Baina lagunekin egon eta zinemara joateko astia ere badut. Gainera, taldean ere lagunak ditut, talde trinkoa eratu dugu.

Urte hauetan zehar, zure familia eta lagunen laguntza izan duzu?
Nire lagunek ez zidaten laguntzen, ia zergatik ezin nintzen haiekin geratu esaten zidaten. Nik azaltzen nien partida nuela, konpromiso bat nuela eta hori zela nik egin nahi nuena.

Familia beti izan dut alboan eta jarraitzeko laguntza eman didate. Barren-barrenean nire lagunek ere bai.

Boleibolerako nire trebetasunak kemena eta adiskidetasuna dira

Zure iritziz, zeintzuk dira kirol honetarako zure trebetasunak?
Nik ahaleginean sinesten dut. Kemen handia jartzen diot eta azkenean hori nabaritu egiten da. Eta adiskidetasuna ere bai. Ez naiz ni bakarrik, beste hainbat lagunekin jokatzen dut eta, alde horretatik, nire partetik jarri behar dut.

Gogoko duzu lehiatzea?
Bai, oso lehiakorra naiz, hori batez ere. Irabaztea da onena.

Eta, zer gertatzen da galtzen duzunean?
Galtzen ere jakin behar da, baina guztioi gustatzen zaigu irabaztea.

Nola joan zitzaizuen joan den denboraldian?
Egia esan, txarto. Duela bi urte Lehenengo Dibisio Nazionalean sartzen lortu genuen, oso ondo egin genuelako. Gasteizek inoiz ez du izan hain altu iritsi den boleibol talde bat.

Nahiko ondo hasi ginen, nahiz eta jakin ez genuela zeregin handirik, hasiberriak ginelako eta nahiko gazteak. Adibidez, Lehenengo Dibisioan jokatzearen truke kobratzen duen jendea dago. Guk ordaindu egiten dugu jokatzeko.

Baina, oso ondo pasatu dugu eta ikasteko balio izan digun esperientzia izan da, eta asko hobetu dugu.

Eta aurten, zein ligatan jokatuko duzue?
Aurten, Euskadiko Lehenengo Dibisioan ari gara.

Hondartza-boleibolean ere aritzen zara. Oso desberdina dira bata eta bestea?
Bai, erabat desberdinak. Hondartza-boleibolean binaka jokatzen da eta pistan sei jokalari gara. Hondartzan mugitzea skoz ere zailago da.

Nola joan zaizu hondartza-boleibolean jokatzen?
Oso ondo. Iaz Euskadiko txapeldunak izan ginen eta aurten hirugarrenak izan gara. Euskadiko selekzioan jokatzen ere aritu gara.

Non entrenatzen duzu hondartza-boleibolean?
Mendizorrotzan. Baina, joko-zelaia kendu nahi dute, Alavesen estadioa handitzeko. Beraz, borrokatzen ari gara.

Nire erreferentea María Schlegel da -boleibol jokalari profesionala- bere konstantzia, kontzentrazioa eta lehiakortasunarengatik

Nortzuk dira zure erreferenteak boleibolean?
María Schlegel du izena. Beti izan da nire erreferentea. Lehen altuera-jauziko profesionala zen neska hori, eta gero, boleibolean jokatzen hasi zen Madrilen eta orain profesionala da. Gainera, ezagutzen dut.

María Schlegel-engandik zer duzu gogokoen?
Bere konstantzia, kontzentrazioa eta lehiakortasuna. Baita bere apaltasuna ere.

Nola lortzen duzu kontzentratzea entrenamenduetan eta partidetan?
Urteen joan-etorrian kontzentratzen ikasi dut. Orain, entrenamenduetan oso zentratuta egoten naiz. Ikasketak eta dena ahazten dut. Horretan ari naiz eta kito.

Ez dut medikuntza-ikasketak eta boleibolaren artean aukeratu nahi. Nire uztez, jarduera biak uztartu ditzaket

Profesional mailan jokatu nahi zenuke boleibolean?
Bai, noski. Baina, zoritxarrez ezin naiteke boleibolean aritu huts-hutsean, ez baita nahikoa irabazten. Izugarri gustatuko litzaidake. Ikasten ari naizen bitartean, jokatu nahi nuke.

Medikuntza eta boleibolaren artean aukeratu beharko bazenu?
Jarduera biak uztartu daitezke.

Nola saiatzen zara gainditzen zure mugak?
Hutsegiteak berak ematen didan frustrazioak bultzatzen nau hurrengoan hobetzera. Hutsegiteak ditut, baina altxatu eta hobetzen ari naiz, nahitaez.

Zer gomendatuko zenioke neskatxo bati, atleta izan dadin? Zeintzuk dira hasierako urratsak?
Gogoko badu, aurrera egin dezala, tontakeriengatik ez dezala uztea pentsatu. Batez ere neskak, adin batera helduz gero, kirola egiteari uzten diote. Aurrera egiteko esango nioke, kirolak egunerokoaz ahazten laguntzen baitu, gure betiko bizitzatik irteten.

Zure ikasgelako neskek kirola egiteari uzten joan direla nabaritu duzu?
Bai, nire ikasgelan ez du beste inork egiten kirolik, nik baino ez.

Zien beste kirol egin nahiko zenuke?
Oso gogoko dut waterpoloa eta futbola txikitan. Baina, boleibola, zalantza barik.